Kirolene Film Festen IV. edizioa arrakastatsua izan da partehartzearen eta ikuslegoaren aldetik.
Ekitaldia nahi baino denbora gutxiagorekin prestatu behar izan zen eta zubi bezperan gainera, baina aurten ere Kirolene Film Fest-ek parte-hartzaileen eta ikusleen babesa izan du. Lehian izan diren film laburren kalitatea azken ediziokoaren gainetik izan da, bi egunetan San Agustin Kultur Gunea bete duten kirolari eta ikusleren gozamenerako.
Durangoko udalak erosi duen proiektore berriari esker nabarmendu egiten da lan askoren ikusgarritasuna eta kalitatea.
Urriaren 28an, osteguna, finalera iritsi ez ziren lehiaketako 3 film labur eskaini ziren. Espaimahaiak uste zuen merezi zutela egindako lanari balio ematea eta jendeak ikustea: “Bienvenidos a los Pirineos”, (eskia) Guillermo Viñuales-ek zuzenduta , “Trípode Expedition: Alps”, (Eskalada) Ana Picallo-rena eta “Basque Country Downhill Paradise” (BTT) Jose María Campos Derioztarrak zuzenduta. Bakoitzak 200 euroko balioa duen bonoa jaso zuen.
Egun berean, Kirolenek Juan Laredo mendizale donostiarra beteranoa omendu zuen, bere kirol bizitza osoan naturarekiko erakutsi duen errespetoagatik.
Jarduna amaitzeko, Elur Equipment-en “La montaña del Alma” dokumentala izan zen ikusgai.
Hurrengo egunean, urriaren 26an, ostirala, edizio honetako irabazleen sari banaketa ekitaldia izan zen. Zaragozako Carlos Martín Usón egileak jaso zuen KFF2021ko film labur onenaren saria, 500 euroko bonoa, “Reset” lanagatik. Ricardo Montoro protagonista duen filma bizitzaren eta etorkizunaren inguruko hausnarketa da.
Ur Kirolen film laburrik onenaren saria Mikel Sarasola donostiarrarentzat izan zen. Sarasolak Kayak-en jeitsiera ikusgarri eta beldurgarriak egiten ditu “Una y ninguna más” film laburrean, eta egun dugun bizimodua jartzen du eztabaidagai.
Eneko Barbarínek bi sail irabazi zituen: Snowboard “Neguko Sustraiak” lanarekin eta Natur esparruko beste kiroletako saila “Eraso” (BTT) filmarekin.
Edur Gorospe , Kiroleneko ikasle izandakoa gailendu zen Eski sailean. “Grina” izeneko filmak euskarazko lan onenaren aipamena ere jaso zuen.
Azkenik, “Japan”, Jesús Andrés Fernándezek zuzendutako film laburrak lortu zuen editaia eta muntaiaren onenaren saria. Japonian grabatutako Jakes Zubillaga eta Carlos Cuezva Kiroleneko ikasle ohiak ditu protagonista.
Sail ezberdinetako irabazle guztiek jaso zuten egurrezko garaikurra eta Dendak Bai elkarteko komertzioetan erabiltzeko 300 euroko bonoa.
Galan zehar, ikusleek “Nilofar Bayat” erreportajea ikusteko aukera izan zuten. Kirolene eta Gaituz Sporten koprodukzioa. Bilbora erabesteratutako gurpil-aulkidun saskibaloi jokalari afganistandarraren bizi-esperientzia biltzen du. Kirolene Film Fest-ek kirol-jarduera baloreetan oinarritua ulertzen duen beste erakusgarri bat, kasu honetan inklusioan eta genero berdintasunean besteak beste.
Elur Goritan dokumentalarekin amaitu zen Kirolene Film Festen IV. Edizioa. Durangaldeko eta Arratiazko mendizale eta eskiatzaile talde batek Errusiako Kamchatka penintsulara egindako bidaia eta sumendien artean eskiatzea zer den dakargikun filma da Elur Goritan.